Urtea hastearekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak lau ekimen jarri ditu martxan: Ekiten, Langunea eta Mirkopreben programak.
Ekiten programa
Ekintzaileei zuzendutako programa da. Parte hartzaileek beren enpresa ideiak landu edo negozioa berritzeko aukera izango dute. Ekintzailetasunerako beharrezkoa diren trebetasunak eta erremintak landuko dituzte Manahmana kontsultorearen eskutik. Komunikazioa eta sare sozialak, bakarkako proiektuak, irakurketak, enpresekin interakzioa eta talde proiektu errealak dira emango dituzten puntuak.
2015eko martxoa eta maiatza bitartean emango da ikastaroa, 9:00etatk 13:00etara. Izen-emate orria otsailaren 27a baino lehen aurkeztu behar da Udal Elkartearen egoitzan edo enpresasustapena@urolakosta.org helbide elektronikoan.
Langunea programa
2014an izan zuen arrakasta ikusita, Langunea programako bi talde berri osatuko ditu Udal Elkarteak. Langabezian edo lanean dauden pertsonek osatuko dituzte taldeak eta, coach baten gidaritzapean norbere konpetentziak indartuko dituzte parte-hartzaileek. Prestakuntza teoriko eta praktikoa izango dute, talde autogestionatuetan lan egingo dute eta bakarkako jarraipena izango dute programan izena ematen dutenek.
Otsailetik ekainera izango da programa, astelehen eta asteazkenetan 9:30etik 13:30era. Urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra bitartean eman behar du izena interesa duenak, eskaera orria Udal Elkartean aurkeztuz edo lanpoltsa@urolakosta.org helbidera bidaliz.
Mikropreben programa
Lan arriskuak sahiesten lagunteko programa da Mikropreben, eta eskualdeko mikroenpresei zuzenduta dago. Laugarren edizioa da aurtengoa. Gutxienez pertsona bat kontratatua duten enpresek, 31/1995 legea betetzeko, prebentzio programa bat izan behar dute. Horretarako prestakuntza teoriko eta praktikoa emango zaie eta dokumentazioa garatzen lagunduko zaie enpresei.
Izena eman edo informazio gehiago nahi duenak 943890808 telefonora deitu edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi dezake.
Renove plana
Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi nahi du SPRIk makinak berritzeko diru-laguntza deialdia egin duela EAEko industria enpresa txiki eta ertainentzat. 250 langile baino gutxiago dituzten eta 50 milioi euro baino gutxiagoko negozio-bolumena duten enpresek makineria berriak erosteko -urtarrilaren 1etik azaroaren 12ra bitartean eta gutxienez 70.000 euroko gastuarekin– laguntzak eskatu ditzakete. 2015eko azaroaren 12ra arte dago irekita eskaera aurkezteko epea.
Urola Kostako Udal Elkartearen webgunea.