Ongarria da konposta, materia organikoaren deskonposizioa. Airean oxigeno asko dagoenean, ziklo aerobioz deskonposatzen den material organikoa. Konposta bide ona da hondakin organikoaren arazoa konpontzeko, baliabide naturalekin probetxua atera daiteke hondakinari.
Aldeko horiek ikusita, konpostajea sustatzeko proiektuak abian jarri ditu azken urteotan Urola Kostako Udal Elkarteak, landa eremuan bereziki. Zabortegietara doan hondakin kopurua gutxitu nahi dute, materia organikoarekin konposta eginez. Birziklapen-ohituretan eragin nahi da, onura ekonomikoak izateko eta ingurumena ez kaltetzeko.
Etekin horiek helburu, konposta egitera bultzatzeko kanpaina jarri zuten martxan. Lehen pausoa herritarren arreta bereganatzea eta kontzientziazioan eragitea zen. Izan ere, errefusaren edukiontzietara botatzen den materialaren kopuru handi bat birziklatu egin daiteke. Batez ere, material organiko da kontainer horietara botatzen dena. Horren jakitun izan gaitezen, karakterizazio publikoak egin zituen Orioko Udalak.
Iazko ekainean egin zen, arratsaldeko 18:00etan, herriko plazan, herritarrak sentsibilizatzeko asmoarekin. Hiru edukiontzietako azterketa egin zen, birziklatu zitekeen zenbat material zegoen neurtzeko. Edukiontzien %51,48a material organikoak betetzen zuten; errefusa soilik %10,47a zen. Kontainerren %82,08a, gutxienez, birziklatu egin zitekeen.
Autokonposta eta auzokonposta irtenbide
Organikoa kudeatzeko beharra ikusi zuten Urola Kostako Udal Elkartean. Zenbakiak larritzeko moduak iruditu zitzaizkien, hobetu beharrekoak. Hori dela eta, 5. edukiontziaren erabilera eraginkorra bilatu behar zutela eta autokonposta nahiz auzokonposta bultzatu behar zutela ikusi zuten.
Etxean konposta egiteko deialdia
Autokonposta etxeko konpostajea litzake. Kanpaina baina lehen baziren konposta egiten zuten etxeak; baina horien kopurua handitu nahi zuen Udalak, konposta etxebizitza gehiagotan egitea lortu nahi zuen. Horretarako eskutitza bidali zen konpostajea egiten ez zuten etxeetara. Konposta egiteko interesa dutenei kontakturako telefonoa eman zitzaien eta teknikari espezializatu baten bisita ere iragarri zitzaien.
87 ziren interesa agertu zuten etxebizitzak. Horietatik lauk jada konposta egiten zuten eta 17k ez zuten berri gehiago eman. Gainontzekoekin kontaktuan jartzea lortu zuten 55 dei eta 38 bisita informatibo eginda. Guztira, informazio-kanpaina honen ondorioz, 12 batu dira autokonposta egiten zutenen zerrendara. Orain, 40 dira etxean konposta egiten duten familiak.
Lur eremurik ez dutenentzat, auzokonposta
Urola Kostako Udal Elkarteak auzkonposta egiteko gune berriak martxan jartzeko aukera zabaldu zien udalerriei. Oriok gune berri bat jartzeko erabakia hartu zuen. Pelotari kale inguruan, Gaztelekuaren ondoan, jarri zuten.
Inguruko etxebizitza guztietara gutunak bidali ziren, bizilagunak auzokonposta egitera animatu nahian. Denera 350 eskutitz bidali ziren. Horietatik seik izan zuten erantzun baikorra; sei familiak eman zuten izena formakuntza ikastaroan parte hartzeko. Uztailaren 15ean jaso zuten funtsezko informazio teorikoa nahiz praktikoa; eta, ordutik, auzokonposta egiten ari dira.
Azken gune hori kontuan hartuta, Orion lau auzokonposta gune daude: Anibarko Portuan, Karelan, Abaromendin eta Pelotarin. Gune horietan konposta egiten duten familiak datu base berean erregistratzea oinarrizkoa ikusi du Urola Kostako Udal Elkarteak; honela, konpostajearen kontrol egokia bermatuko da. Horrez gain, gune bakoitzak etengabeko jarraipen zerbitzua izango du eta mantentze lanak egingo dira.
Arazoak arazo, oro har, Orioko guneetako funtzionamendua egokia da. Dena den, aurrera begira erabilpena handitu nahi da eta bizilagun gehiagotara zabaldu nahi da. Horretan jarraituko dute lanean bai Urola Kostako Udal Elkarteak, bai Orioko Udalak.
Aian lanketa egitea aurreikusi dute
Aian ez dago auzokonposta gunerik, baina potentzialtasun handia duen herria izanik, Urola Kostako Udal Elkarteak Aian jarri nahi du fokua etorkizunean. Etxeko konposta, ordea, egiten dute. 76 dira autokonposta egiten duten familiak.