Parte hartzea, konpromisoa, kultura eraikitzailea eta konpetentzien kudeaketa. Ezinbestekoak dira ezaugarri horiek enpresa eredu berrietan oinarritutako enpresetan. Gaur egungo merkatu aldakorrari modu eraginkorrean erantzuteko, ezinbestekoa da enpresak gaitasuna eta malgutasuna izatea arin eta fin egokitzeko. Horretarako, unean uneko gertaerei aurre egiteko jarrera pro-aktiboa eduki behar da. Horretan sakonduko du Urola Kostako Udal Elkartean abian jarriko dituen proiektuekin.
Eskualdeko enpresen garapena eta hazkundea bermatu nahi du Udal Elkarteak. Denboran iraunkorrak eta egonkorrak izango diren ekimenak landu nahi ditu, enpresek etengabe aurrera pausoak eman ditzaten. Horretarako, Urola Kosta: giza kapitala ardatz, harreman modu berriekin etengabe berritzen doan eskualdea izeneko proiektua jarri dute martxan.
Bost adar izango ditu proiektuak:
- Kultura eraikitzailea: helburua enpresarentzat estrategikoa den lan eta antolamendu kultura eraldatzea da, eta sistema berria kultura eraikitzailean oinarritzea
- Konpetentzietan oinarritutako kudeaketa sistemak: helburua enpresan giza baliabideak kudeatzeko modua eta sistema aldatzea da, sistema berria konpetentzietan oinarritzea eta langileen konpetentziak enpresaren estrategiarekin bat etortzea.
- Konpromiso eta partaidetzaren kudeaketa: pertsonen konpromisoa berreskuratzea faktore garrantzitsua da epe erdi eta luzera enpresa lehiakorra izateko. Erakundeetan konpromisoak zera dakar: errespetua, ahalegina, pertsonaren enpresarekiko lotura, eta, batez ere, produktibitatearen eta emaitzen hobekuntza.
- Hazten ikasi: Hazkundearen alderdi kuantitatiboari begiratu izan zaio beti, baina ikuspegi kualitatibotik ere erreparatu behar zaio. Espiritu berritzailea duten enpresak behar dira, etorkizuneko ikuspegia dutenak, gizarte erantzukizuna dutenak eta euren ingurunearekiko sentiberak direnak.
Proiektu honetan alderdi horiek landuko dira, Klaus North –Wiesbaden Business School– irakasle doktoreak landutako metodologiaren eskutik. Enpresek kudeaketa eredu parte-hartzaileago bat barneratzeko proiektua da; alegia, pertsonen gaitasunen garapenean eta proiektu estrategikoen kudeaketan lantaldearen ahalduntzean oinarritutako eredua.
- Errendimendu Altuko Taldeak: Erakundeko erronka eta arazoei modu eraginkorragoan erantzuteko, taldeek trebetasunak bereganatu behar dituzte. Enpresarentzat garrantzitsua da talde bat izatea planifikazio estrategikoan nahiz arazoen konponketan erantzuten diona eta irtenbideak aurkitzen dituena.
Proiektu horietan parte hartzeko interesa duten eskualdeko enpresek Udal Elkartearekin jarri behar dute harremanetan, informazioa jaso edo izena emateko.