Sukaldaritza eta ostalaritza izango du hizpide SIRHA azokak. Mundu mailan erreferente da Lyongo azoka. Gourmet produktuak fabrikatzen dituztenentzat bereziki aproposa da, esparru horretan jartzen baitute fokua Frantziako feria horretan. Lau egungo iraupena du, urtarrilaren 24an hasi eta 28an amaitzen baita.
Urola Kostako Udal Elkarteak azokara bisita antolatu du eta elikagaien sektoreko eskualdeko enpresak animatzen ditu izen ematera. Okinak, gozogileak, produktu freskoekin lan egiten dutenak, baita izoztutakoekin edota kontserbekin, alkoholik gabeko edariekin nahiz alkoholdunekin lan egiten dutenak, ostalaritza hornitzaileak, makineria eta ekipamenduan lanean aritzen direnak... horientzat guztientzat da egokia azoka. Izan ere, alor horiek guztiek izango dute tokia SIRHAn.
Azokaren enpresa jarduera nagusiak
- Okintza, gozogintza eta gozo-dendak.
- Mota guztietako landutako elikadura produktuak, freskoak, izoztuak eta kontserban, bai sukaldaritzarako eta baita gourmet saltokientzako ere.
- Alkoholik gabeko eta alkoholdun edariak eta era guztietako hornidurak ostalaritzarako.
- Sukaldaritza eta ostalaritzarako makineria eta ekipamendua orokorrean.
Bisitarekin SIRHAk eskaintzen dituen aukerak ezagutzeaz gain, norbere produktua indartzeko gakoak ere ezagutu daitezke. Gainera, lehiakideen nahiz bezeroek egiten dutena bertatik bertara ikusi daiteke. Banaketa kanal ezberdinak identifika ditzakezu; ondoren, zure produktua merkatu frantsesean saltzeko. Horrez gain, hurrengo edizioetan bisitari gisa joan ordez erakusketari bezala joateko aukera ere emango dizu aurten azokara joatek.
Enpresei laguntza zuzena
Urola Kostako Udal Elkarteak izena ematen duen enpresa bakoitzari lanerako agenda bat prestatuko dio. Enpresa bisitariaren interesen eta jardueraren arabera, bisitatu beharreko erakusketak zehaztuko dira agendan. Laguntza ez da aurretik soilik jasoko; azoka egunetan ere Urola Kostako Udal Elkarteko talde teknikoaren laguntza izango da, frantsesa menderatzen baitute.
Bidaiaren iraupena bi egunekoa izango da; bi egun eta gau bat. Egun berean joan-etorria egiteko aukera ere izango da, horrela nahi izanez gero. Bidaiaren eta egonaldiaren gastuak enpresa bakoitzak ordainduko ditu. Agenden lanketaren kostua, ordea, Urola Kostako Udal Elkarteak ordainduko du. Era berean, bidaiaren logistika eta egonaldia Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du enpresak horrela nahi izanez gero, aparteko kosturik gabe.
Informazioa eta izen-ematea
Izen emateko epea jada zabalik dago eta urtarrilaren 14an itxiko da. Informazio gehiago eskuratu daiteke Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita edo 943 89 08 08 telefonora deituta.