Joseba Ostolazaren ikasleak arituko zarete, lau hain juxtu, igande honetan Aian. Zer nolako dinamika ematen duzue Ostolazaren eskoletan?
Astean bitan elkartzen gara harriarekin aritzeko. Norberak bere buruarekiko helburuak jarri eta haietara iristen laguntzen diogu elkarri. Giro paregabea daukagu eta horrek asko errazten ditu egin beharrekoak.
Ostolazaren babesa eta laguntza ezinbesteko irakaspena izango da, ezta?
Irakasten dabilenarengan konfiantza izatea oinarrizkoa da lana egitera lasai ateratzeko, oso gustura nabil Santion.
Zuk beti anaiak izaten dituzu alboan. Berek ere izugarrizko laguntza ematen dizuetela pentsatzen dut.
Izugarrizko garrantzia du bi anaien laguntzak, zorte handia dut biekin, beti alboan ditut eta.
Igande honetan 11 arroako zilindro zaharrekin marka ahalegina egingo duzu. Aurtengo lehen saiakera izango da.
Bai... Lehengo urteko lanei segida polita ematen ahaleginduko naiz. Ea lan txukun bat egiteko moduan garen.
2014 urte amaieran bi saiakera egin eta biak ondu zenituen. Sasoiko zaude!
Gustura gaude egiten ari garen lanekin. Dena ezta nahi bezala ateratzen, baina akatsetatik ere asko ikasten da.
Egun, ez duzu parekorik. Zure mailako harri-jasotzaile emakumerik ez dagoenez marka ahaleginak egiteko beharra ikusten duzu?
Norberak egiten du bere ibilbidearen aukeraketa. Momentuan egokiena dena egiten ahalegintzen gara, eta noski marka ahaleginak egiteko proposamenak egiten dizkigutenean, prest ikusten bagara, zergatik ezetz esan?? Aukera batzuk behin bakarrik izaten dira eta ezin dira galtzen utzi...
Eskertuko zenituzke emakume gehiago kirol honetan?
Bai. Dudarik gabe, presioak kirolari bati bere onena emateko prestatzen laguntzen dio. Zenbat eta kirolari gehiago plazetan aritzea ere aberatsagoa litzateke. Eta hori pozgarria litzateke herri kirolarentzat orokorrean.