Desafio bota zion Bikandik. Olidenek onartu eta apustua jokatu zuten larunbat gauean, Aiako probalekuan. Etxean bezala sentitu zen Oliden, etxeko plaza baita beretzat Aia. 1.790 kiloko harriarekin jokatu zuten; atzetik hasi eta airean ondu zuen Olidenek aurreko idien marka.
Uste baina errazagoa izan zen, aitortu du Olidenek. Bikandiren idiek pisu handiegia hartu zuten, 136 kilo, alegia. Idiak nekatu egin ziren, hasieran 47-48 erritmoan zihoazen; baina, amaieran, 44 egin zituzten. Pisu gehiegi zuten eta horrek eragina izan zuelakoan nago, azaldu du oriotarrak.
Atzetik atera zen Oliden. Zortea izan genuen bigarrenak izaten. Aurreratu eta bi minutu soberan izan zituzten. Aurreko idien marka denbora agortu aurretik ondu zutenez, hor amaitu zen apustua. Oso pozik dago Oliden. Bi urte igaro dira harri horrekin lehiatzen ez zela. Beldur pixka bat bazuen, baina idiek uste baina erantzun hobea eman dutela aitortu du.
Jende ugari bildu zen probalekuan, zaletu asko. Bai aiar eta oriotarrak, baita Bizkaitarrak ere. Berritxutik ikusle asko joan zen Aiara. Giro bikaina sortu zen, lehia sanoa. Olidenek eskertu egin nahi ditu Aiara apustua ikustera joan ziren guztiak.
Gaur, Larrakoetxean
Loiuko aireportuaren aldamenean dago Larrakoetxea probalekua. Gaur, han izango da Oliden, Lopategi eta Kariñokorekin batera. Erakustaldia emango dute pisuko idiekin, izan ere, orain arte librekoak bakarrik lehiatu dira plaza horretan.