Munduari bederatzi buelta astebururo. Euskal presoen senide eta lagunek egiten dituzten kilometroak batuz gero, bira horiek guztiak ematen dira astebukaera bakoitzeko. Izan ere, duela hogeita bost urte baino gehiago dira euskal presoen eskubideak urratu eta etxetik urrun kartzelatzen dituztela. Dispertsioa eskubidea ez dela salatzen du Sarek, eta sakabanaketarekin amaitzeko sarekidez osatutako sare herritarra osatuko dute.
Bilbon izango da, larunbat honetan, arratsaldeko 17:30ean. Bi puntu ezberdinetatik abiatu da mobilizazioa, udaletxetik eta Casillatik. Abiapuntu horietatik hasiko da, baina biek Zabalburu plaza izango dute jomuga. Bilbotik mundura hedatu nahi dute mezua, munduari eskubide urraketa larri hauen berri emateko eta munduko eragileak dispertsioak dakartzan kalteen aurka mugi daitezen.
Konponbide integral baterako bidean urrats bat gehiago emango da larunbat honetan; euskal presoak Euskal Herrian egoteko pauso bat gehiago. Sakabanaketa orain amaitu dadin, NOW Euskal Herria izena jarri diote mobilizazioari. Mugimendu sozial hori behetik gora eraiki nahi da, oinarri zabal eta anitzetik.
Oriotik autobusa Bilbora
Edonor izan daiteke sarekide, sare koloretsua osatzea baitute helburu. Hortaz, euskal herritar guztiak animatu nahi dituzte larunbatean Bilbora joatera, eta aurrera begirako pausoak elkarrekin ematera.Oriotik bi autobus joateko erronka jo dute.
Izena Kolon Txikin eman daiteke eta epea gaur amaituko da. Autobusa eguerdiko 15:30ean aterako da Oriotik Bilbora bidean, eta manifestazioa bukatu bezain pronto bueltatuko da. Informazio gehiago eskuratzeko www.nowbilbora.org webgunean sartu zaitezkete edo sare.eus ataria bisitatu dezakezue.