Txutxumutxuak, kale kantoitik Karkarara

Karkara 2014ko abe. 28a, 12:41

Herritarren arteko txutxumutxuak jasoko ditu Kale estua gehigarrian, eta kolaboratzaileak behar ditu horretarako

Herritarren ahotan bolo-bolo dabiltzanak paperean jarriko ditu otsailetik aurrera Karkarak. Eduki informatiboarekiko dagoen interesaren beherakadak eta gizarteak gai morbosoei egiten dien goratzarreak aintzat hartuta, Kale estua proiektua plazaratzea erabaki du Karkarak. Gizarteko zati handi batek kontsumintzen duen produktua euskaraz eskaintzeko apustua egin du, hortaz.

Hileroko paperekoaren tokia izateaz gain, karkara.eus atari digitalean ere izango du txokoa. Atal berezi bat sortuko da, izen berarekin, eta bertan bilduko ditugu txutxumutxu guztiak. Karkarak, atal hori lantzeko, lanaldi erdirako herritar bat kontratatuko du. Horrez gain, kolaboratzaile sarea osatzeko beharra ere ikusten du, kalerik estuenean gertatzen dena ere jaso ahal izateko.

Herritarra kontratatzerako garaian, kontuan hartuko dira bere gaitasun sozialak. Komenigarria da plazagizona edo plazandrea izatea, baita belarri handiak edukitzea ere. Ikerketa arrosa abiatzeko pertsona egokia izan behar duen langilea behar du Karkarak. Zure burua lanpostu honetarako egokia dela uste baduzu, bidali zure CVa txutxumutxuak@karkara.com helbidera.

Biltzen ditugun curriculum guztien artean galbahea pasa eta hautatzen ditugunei proba egingo diegu urtarrilaren 2an, goizeko 10:00etan, Karkarako erredakzioan. Egun horretan urte zahar gaueko kontuak kontatu beharko dituzte hautagaiek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide