2 tona ez dira nahikoa

Karkara 2014ko abe. 16a, 10:59

Karabana Solidarioa hasi da kilometroak egiten. Euskal Herri osoko produktuak bildu eta Saharara eramango ditu. Orion ere egingo du geldiunea.

Urtero abiatzen da produktuz betetako karabana Sahararuntz. Iaz 120 kaxa osatu ziren Orion bildutako materialarekin, 2 tona inguru. Aurten, otsailean irtengo da karabana eta lehengo urtean bezain beste material biltzea dute helburu. Horretarako, martxan jarri dute jada bilketa.

Kanpamentuetan egoera ez da hobetu, azaldu du Ahmed Labeidek. Giza laguntza da duten hornidura bakarra. Beharrezkoa da, ezinbestekoa; eta are gehiago orain, euriteek elikadura ugari galtzea ekarri baitute. Hori dela eta, oriotar guztiak ekarpena egitera animatzen ditu Labeidek.

Hiru tokitan egingo da bilketa: dendetan, plazan eta ikastetxeetan. Loidi, Spar Dorronsoro, Dia, Coviran, Leunda eta Eroskin bilduko dira, azaldu du Jokin Urangak eta gaineratu du: dendetako bilketa jada hasi da, abenduaren 15ean hasi eta urtarrilaren 15ean amaituko da. Hilabeteko epea egongo da produktuak emateko.

Herriko plazara ere aterako dira. Urtarrilaren 17an, larunbatean, haima ipiniko dute plazan 10:00etatik 14:00etara. Ikastetxeetan ere izango dira. Oporretatik bueltan hasiko dugu bilketa ikastetxeetan, eta, aipatu nahiko genuke, janariaz gain eskolako materiala ere jaso nahiko genukeela. Ez bota erabilita dituzuen borragoma eta antzerakoak, eman Saharako haurrei, haiek gustura berrerabiliko dituzte, eskatzen du Urangak.

Ikastetxeetako materialaz gain botiken beharra ere azpimarratu dute. Finean, edozer da ongietorria, denetik behar baitute.

Jostailu trukeko jostailuak Saharara

Asteburuan egindako truke azokan sobratutako jostailuak ere bidaliko dituzte Saharara. Eskertzekoa da Natur Taldekoek ematen diguten laguntza, aitortu dute biek. Lehengo urtean ere jostailu ugari eman zizkiguten, gaineratu dute.

Natur taldeak emandako laguntzaz gain, Udaletxeak ematen dien babesa ere azpimarratu dute. Janaria jaso ostean, klasifikatu eta kaxetan banatzen dugu. Gero, hori guztia Donostiara eraman behar dugu. Garraioaz Udala arduratzen da eta eskertzekoa da, asko laguntzen baitigute. Gastu hori guztia kentzen dugu horrela,azaldu du Urangak.

Orioren erantzuna, paregabea

Pasa den urtean 2 tona inguru jaso ziren. Asko. Oso kopuru ona da, nahiz eta Saharakoentzat sekula ez den nahikoa, azaltzen du Urangak. Dena den, Urangaren ustetan, oriotarren erantzuna oso ona izaten da beti. Badirudi jendea kontzientziatuta dagoela, izan ere, urtero-urtero, bat egiten du ekimenarekin eta ekarpen handia egiten du, gaineratu du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide