Lau oriotar urteko kirolari onenen zerrendan

Karkara 2014ko aza. 25a, 12:25

30  hautagai proposatu ditu federazioak, tartean lau oriotar. Arraunean, Imanol Garmendia eta Ander Zabala; pilotan, Tiburtzio Etxeberria; eta, sofbolean, Ione Iparragirre.

Gipuzkoan urteko kirolaria nor izan den erabakitzea gipuzkoarren esku utzi du Kirol Zuzendaritzak. Federazioak proposatutako hautagaien artean aukeratu dezake herriak, bozka bidez, eta boto gehien dituena izango da urteko kirolaria. 30 hautagai daude, eta horien artean lau oriotarrak dira. Arraunketan, Imanol Garmendia eta Ander Zabala; pilotan, Tiburtzio Etxeberria; eta, sofbolean, Ione Iparragirre.
 
Arraunlariak munduko txapeldun izendatu dira Italian jokatutako txapelketan, 23 urte azpiko pisu arinen kategorian, lemazain gabeko laukoan.
 
Tiburtzio Etxeberria pilotan egindako ibilbide luzeagatik sartu dute zerrendan, merituen zerrenda luzea baitauka. 20 urtetik gora aritu da pilotan, eta garaipen zerrenda handiaz gain –15 Gipuzkoako txapelketa–, oso pilotari maitatua izan da da. Kantxan eta aldageletan duen jarrera goraipatu dute federazioko kideek.
 
Etxeberriari bezala, Ione Iparragirreri ere orain arte egindako lana onartu nahi izan die, Orioko sofbolaren sustatzaile garrantzitsuenetakoa izan baita. Federazioko arduradunen ustetan bere ekarpena erabakigarria izan zen Orioko Bate Bizkorrak taldeak ohorezko mailarako igoera lortzeko.

Bozkatzeko aukera

Federazioak aukeratutako 30 kirolarien artean zuretzat urteko kirolari hoberena nor den esateko aukera daukazu, bozka bidez. Gipuzkoakirolak webgunean egin daiteke hori, hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide