Musika kalera musikarien egunean

Karkara 2014ko aza. 20a, 12:42

Larunbatean da musikarien eguna, baina Danbolin Musika Eskolakoek atzo ospatu zuten, musika kalera aterata.

Arratsaldeko 17:00etan bildu ziren Salatxo aretoan. Piano-jotzaileak ikasitako erakutsi zuten, jendaurrean. Behin erakustaldia eginda, kalejiran joan ziren Mendibeltz futbol zelairaino. Bera-bera, bera-bera... Salto, jauzi; salto eta jauzika.

Mendibeltzen musika eskolako gitarra ikasleak zeuden zain, zirkulu erdi batean. Ikusleek zirkuluaren beste erdia osatu, eta giro goxo eta familiarrean, hiru bat abesti entzun zituzten. Azkena, ahapetik ere kantatu zuten bertaratutakoek.

Handik ikastolara joan ziren, kalejiran. Ikastolako jolastokian haize instrumentuekin prest zeuden musikariak. Hiru abesti jo eta berriz ere kalejiran plazaraino joan ziren musikari eta musikazaleak. Plazan bandak jo zituen beste hiru abesti.

Kontzertua Kultur Etxean

Behin kalejira amaituta, Kultur Etxean bildu ziren guztiak. Arratsaldeko 19:00etan hasi zen kontzertua, musika tresna ugarirekin hainbat musika estilotako kantuak jo eta kantatu zituzten. Honela biribildu zuten musikari guztien eguna.

#SantaZeziliDanbolin

 

Txioka ibili ginen kalejiraren berri ematen. Horretarako #SantaZeziliDanbolin traola erabili genuen. Txio guztiak ikusteko egin klik, hemen.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide