Irizpide egokiak eta logikoak

Tokikom 2014ko aza. 5a, 11:36

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza banaketaren gaineko administrazio kontseiluaren iritzia

 

Norberak jasotako kopuruak eztabaida desbidera zezakeela ikusita, deialdiaren beraren gaineko balorazioa, Tokikomen Administrazio Kontseiluan ebazpenaren aurretik egin genuen, azterketa ahalik eta objetiboena izan zedin. Ez dugu uste zenbaki dantzan, batek eta besteak jasotako kopuruekin sokatiran hastea eraginkorra denik, gure arteko desberdintasunekin tematuko ginatekeelako, eta aurrera egingo badugu, batera egin beharko dugu, eta horretarako, elkartzen gaituenari heldu beharko genioke, banatzen gaituenari baino.

Euskararen sustapenaz ari bagara, guk uste dugu Jaurlaritzak erabili dituenak irizpide egokiak direla: Ahalik eta jende gehienarengana iristea komeni, euskara bera zabaldu nahi bada. Egokiak eta logikoak. Irizpide horren arabera egindako banaketa ikusita, orain jakin beharko genukeena, erabilitako formula zehatza da. Irizpidea gauzatzerakoan erabilitako neurria. Eta ahal den heinean, hobetzen saiatu, izandakoen pareko kalterik izan ez dadin. Prest gaude, zenbakiak mahai gainean jarri, eta behar bezala aztertzeko. Ezin ahaztuko dugu orokorrean, tokikook jasotako zakua handitu bada ere, badirela gure kideen artean, beherakada izan dutenak: Kronika, Aiaraldearen papereko edizioa, telebistak... Hauek ere, kaltetuak izan dira, eta Eusko Jaurlaritzarekin sakon aztertu nahi dugu kasu bakoitza, beherakadaren benetako arrazoia zein izan ote den ikusteko, hasiera batean, aldeko beharko luketen ezaugarriak
betetzen dituztelako gehienek.

Argi dugu diru poltsa berdina den bitartean, batzuk gehiago jasotzeko, beste batzuk gutxiago jaso beharko dutela. Horregatik zaku barruko banaketan baino, zakua handitzeko lanetan saiatu beharko luke sektoreak. Euskararen normalizazioan eta sustapenean dihardugun eragileak garelako, bai, baina sektore ere bagara, komunikabide bagara, industria bagara. Langile dezente dituen jarduera ekonomikoaz ari gara. Eta argi dago premia horiek Hizkuntza Politikaren Sailaren esparrua gainditzen dutela. Horregatik, beste ate batzuk
jotzen hasteko ordua dela uste dugu, eta bide horri ekiteko asmoa dugu.

Ildo horretatik aipatu behar da, autofinantziazioa eskatzen zaigula, eta gu geu garela interesatuenak, ahalik eta autofinantziazioa maila altuena lortzen. Menpekotasunik ez dugulako nahi. Erakundeetatik jasotako laguntzez gain, publizitatea eta, kasu batzuetan, gure bazkideen ekarpenak dira gure diru iturriak. Eta hortxe dago datua: Eusko Jaurlaritzak egiten duen publizitate guztiaren %2a baino gutxiago da euskarazkoetara heltzen dena. Eta estrategikotasuna eta eraginkortasuna onartzen bazaigu, horren araberakoak beharko lukete ere Jaurlaritzaren neurriek.

Zer hobeturik bada beraz, baina horrek ezin itsutuko gaitu. Aurtengo diru laguntzak, sari baino, aitortza dira. Tokikomek azken urteetan egindako lanaren aitortza. Gure komunitateak, kalitatezkoak dira, eta gainera, euskaldun eta ez euskaldunengana iristeko ahalmena dute. Aurtengo gorakadarekin galga edo frenoa jarri diogu azken urteetako beheranzko joerari. 2011tik

2014rako tartean %18 egin du behera Tokikomeko komunikabideok jasotako diru laguntzak. Egia eta nabarmena da tokikoontzako diru poltsa handitu egin dela aurten, bai, baina ezin ezkutatuko dugu komunikabide kopurua ere handitu egin dela. Aurtengo banaketan parte hartu duten 12 proiektu berrietako
7, gureetakoak dira. Eta horrenbestez, proportzioan, jasotako kopurua eta proiektu zenbakiaren arteko proportzioan, 2010ean baino diru gutxiago jaso dugu.

Azken urteetan Jaurlaritza eta euskarako komunikabideen arteko harremanaren bilakaerari erreparatuta, uste dugu Tokikom eta Hekimenen sorrerak eragina izan duela aldaketa horretan. Zerbaiterako balio izan duela gure jardunak. Irizpide aldaketarena, guk gerorrek eta sektoreko gainerako eragileek eskatutako zerbait izan da. Argi genuen irizpide zehatzak behar zirela banaketarako, eta guztiok jakin behar genituela zeintzuk ziren ziren. Gure proposamenak ere helarazi dizkiogu Jaurlaritzari azken urte honetan, eta ez dira indarrean jarri direnen oso desberdinak. Zubi hori ezinbestekoa da, urteroko diru laguntzetatik epe luzerako hitzarmenera jauzi egin nahi badugu, urratsek epe luzerakoak beharko dutelako, egunetik egunerakoak baino. Horregatik, batzuekin eta besteekin elkarlanean segitzeko prest gaude. Jaurlaritzak berak gurekin izan du orain arte elkarrizketarako jarrera. Jarrera hori sektore guztira zabaldu, eta elkarrekin aurrera egitea, hori da bidea. Horretan sinistuta gaude, eta horren alde segiko dugu lanean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide