David Gorospe, Ander Ederra eta Joanes Ederrak osatzen dute Buffalo hirukote zarauztarra. Oholtza txikien zale dira, baita zaleak atmosfera ezberdinetan barrena bidaiatzearen zaletuak ere. Bihar horretan ahaleginduko dira.
Buffalo. Bisonte animaliatik dator izena?
Bai, hala da, taldeari izen bat ipintzerakoan buffalo hitzak fonetikoki indarra zuela iruditu zitzaigun eta izen horrekin geratu ginen.
Zuek Zarauztik zatozten hirukote gaztea zarete.
2008an hasi zenuten hirukotearen ibilbidea; abeslari bila hasi gainera.
Ahotsa derrigorrezkoa ez dela ohartu zineten, ordea.
Talde instrumentala gara baina ez genuke esango esperimentala denik gure musika, kantuen estrukturak eta erabilitako soinuak nahiko estandarrak dira eta. Oso zaila egiten zaigu gure estiloa definitzea nahiz eta guk argi eduki zer bilatzen dugun. Hasiera batean estilo ezberdinak jorratu genituen pixkana gure soinua aurkitu arte.
Atmosferak sortzearekin jolasten hasi eta horretan jarraitu duzuen arte.
Bai, hori da. Helburu nagusia atmosfera desberdinekin eta dinamikarekin jolastea dela esan dezakegu.
Estilo askoren eragina duen taldea zarete: jazza, soula, rocka... ez duzue estilo batera mugatu nahi izan?
Egia da estilo askoren eragina dugula baina gure musika nahiko konkretua dela iruditzen zaigu, nahiz eta ez genukeen jakingo musika estilo jakin batean etiketatzen.
Festibaletan jotakoak zarete, Kutxa Kulturren esaterako. Oraingoan, festibal baten harira joko duzue, baina Kultur Etxean. Gogotsu?
Bai oso gogotsu, Orion jotzeko gogoa bagenuen egia esan. Hemen inguruan askotan jo badugu ere Orion ez dugu aukerarik eduki orain arte. Gainera, eszenatoki handietan baino erosoago sentitzen gara leku txikiagotan eta jendea hurbil edukita.
Batzuek diote makrofestibalak kaltegarriak direla euskal kulturgintzarentzat; beste batzuek ordea, ez. Zuek zer diozue?
Egia esan ez gara oso festibal zaleak orokorrean, baina ez genuke esango kaltegarriak direnik euskal kulturgintzarentzat. Bestalde, bertako kultura gehiago sustatzea beharrezkoa dela ikusten dugu.
Gaztetxeek paper garrantzitsua jokatu dute, euskal musikari asko eta asko gaztetxeetako ibilbideari esker hasi dira.
Hala da, paper oso garrantzitsua jokatu dute talde askoren ibilbidean. Gu geu hainbat gaztetxetan jotakoak gara eta asko eskertzen da ekintza ezberdinak antolatzeko duten grina.
Zarautzen Gaztetxeak indar handia du; Orion, ordea, herriko gazte gutxi batzuk daramate zama guztia. Osasuntsu dagoen Gaztetxe bat garrantzitsua iruditzen zaizue?
Bai, garrantzitsua da. Zarauzko gaztetxeak ekintza kultural asko antolatu ditu medio gutxi izan arren. Gure ustetan erakunde publikoak dira dezente gehiago egin beharko luketenak.