Ze iritzi duzu Jaurlaritzaren ebazpenaren ondorioz Tokikomeko hedabideei iritsiko zaizkien kopuruei buruz?
Tokiko hedabideak oso funtzio garrantzitsua betetzen dute gertuko edukien erakargarritasunean oinarrituta euskara gure etxeetaraino heltzeko. Lan horri esker, kapilarizazio handia lortzen da, euskarazko edukiak oso profil desberdinetako jendearengana eramanez eta mintzagai bihurtuz.
Lan handia egiten ari da tokiko hedabideetan eta Tokikomen efizientzia eta eraginkortasuna lortu asmoz: profesionalizazioa, apustu teknologiko sendoa, sinergiak eta eraginkortasuna garatzeko ahaleginak… Salto kualitatibo bat eman da eta horretan inbertsio handia egin da tokiko hedabideek izan dituzten eta dituzten baliabide murritzekin eta borondate eta esfortzu askorekin.
Hori guztia ikusita, uler liteke Jaurlaritzak nolabaiteko aitortza egin diola lan horri guztiari ebazpen honen bidez. Tokiko hedabideek oro har jasoko duten poltsa handiagoa da aurten, eta hori datu pozgarria da. Batetik, azken urteotan jaso duten laguntzen beheranzko joera eten egin delako, eta bestetik, ondoriok, Tokikomeko hedabide gehienek –ez guztiek- laguntza handiagoa izango dutelako banan-banan hartuta.
Baina komeni da perspektiba ez galtzea: 2010ekoekin konparatuz gero, esaterako, Tokikomeko bazkideek aurten jasoko duten batez besteko laguntza txikiagoa da duela 4 urte baino.
Arazoa da banatzeko dagoena kopuru bera den bitartean, batzuek gehiago jasotzen badute beste batzuek gutxiago jasotzen dutela, ezta?
Arazoaren muina, gure hizkuntz komunitatearen tamaina txikia da: merkatua oso txikia da, eta euskaratik eta euskaraz sorturiko edukiak zabaltzeko negozioa ez da errentagarria egungo negozio eredua aplikatuz behintzat. Horrek euskara bultzatzeko konpromiso publikoa duten erakunde publikoen babesaren beharrean kokatzen gaitu, eta gure autofinantzaketa gaitasuna mugatu egiten du negozioa dibertsifikatu ezean.
Poltsa honen tamaina gorabehera, bada kontuan hartu beharreko alde garrantzitsu bat. HPSren diru laguntzak hedabideen jarduerak dituen bi dimentsioetako bakarrera bideratuta daude: euskararen eta euskal komunitatearen sustapenera, hain zuzen ere. Baina euskal hedabideon jarduerak badu beste alde bat: ekonomikoa, industriala, eta horrek gainditu egiten du HPSren irismena. Euskararen alorrean betetzen dugun funtzioa ondo garatzeko, beste alderdi batzuk ere garatu behar ditugu hedabideok lehiakortasuna lortze aldera: berrikuntza, prestakuntza, inbertsioak, garapen teknologikoa... eta horiek ez dagozkio zuzenean
Benetan estrategikotzat jotzen badira, euskal hedabideen sektoreari beste ate batzuk ireki behar zaizkio erakundeen partetik, eta jarduera ekonomiko-industrial hori ere lagundu, beste sektore batzuetan egin den bezalaxe. Eta diru laguntzak ez dira jarduera horri laguntzeko bide bakarra. Gure erakunde publikoen publizitate-inbertsioa, esaterako, hutsaren hurrengoa da diskurtso publikoan estrategikotzat jotzen den sektorean.
Oraingoan irismenak –eraginkortasunak– izan omen du pisu handia laguntzak banatzeko irizpideetan? Zer deritzezu erabilitako irizpideei?
Bai, hala da, agian lehen aipaturiko bi dimentsio horietatik bakarrera bideratuta egoteagatik. Nire ustez, epe luzeko eraginkortasuna hedabideen lehiakortasunean dago, eta lehiakortasuna ez da egun batetik bestera lortzen.
Lehiakortasun hori lortzeko beste aldagai batzuk ere baloratu beharko lirateke: besteak beste, sektorean, Hekimenen baitan lantzen ari garen eta Jaurlaritzarekin ere landu nahiko genituzkeen kalitatea,berrikuntza edo eraginkortasun soziala.
Gure sektorean neurtzen horren zaila den irismena, azken helburua litzateke, lortu nahi den inpaktua. Hori da guztion helburua, baina horrekin batera neurtu beharko lirateke emaitzak, eta emaitza horretara heltzeko landutako prozesua ere kontuan hartu beharko lirateke azken helburu hori lortzeko bidean.
Zein da gaur egun Tokikom osatzen duten hedabideen egoera ekonomikoa?
Tokikomeko hedabide askok egun bizi duten egoera larria da, krisi ekonomiko orokorraz aparte, sektorea birplanteatzera bultzatzen gaituen krisi bat ere bizi baitu. Birplanteatze horrek epe luzera begira jartzera behartzen gaitu eta hori zaila da epe motzeko arnasa soilik duzunean.
Gainera, batetik, aurrez aipaturiko merkatuaren tamainaren eta errentagarritasun ekonomiko eskasaren ondorioz zaila da merkatu globalean lehiakor izatea. Bestetik, horrek erakunde publikoen babesaren beharra eragiten du, eta haiekiko dependentzia ekonomikoa.
Bizi garen ezagutzaren eta komunikazioaren aroan, Tokikomeko hedabideen balioa balore jakin batzuk konpartitzen dituen euskal komunitatea sortzean dago, eta horretan izan nahi dugu lehiakor. Komunitatea sortze lan horretan ordea, azpiegitura ukigarritik baino gehiago ukiezinetik behar da, eta hori tamalez ez da egun diru laguntzak emateko finkaturik dauden kostu estandarraren parametroetan islatzen.
Lehiakortasuna lortzeko bidean tokiko hedabideek salto kualitatibo bat eman dute eta aurrera begira, hortik jarraitu nahi dute baina hori lortzeko baldintza ekonomiko hobeak behar dira: egonkortasuna eta parekatzea lortu behar dira.
Gure borondatea, erakunde publikoekin sektorearen babes hori lantzen joatea da, baina era berean auto-finantziazioa ere lantzen joan nahi dugu, egungo bidetik, harpidetzak, publizitatea eta bestelako zerbitzuen eskaintza landuz, bizi izan ditugun diru laguntzen gora beheren eragina minimizatu asmoz.
Zein izan behar luke sektorearen-hekimenen estrategia edo jarduteko modua?
Horren desberdinak garen hedabideak biltzen dituen neurrian, batzen gaituenean zentratu beharko luke, azken finean horrek sinestaraziko baitigu sektore bat garela eta modu horretan sinestaraziko baitiegu besteei sektore bat garela.