Angel Rocha: "Atzoko topaketa abiapuntua da"

Karkara 2014ko urr. 16a, 16:03

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira topaketa egin zuten atzo Orion eta Argia proiektua aurkeztu zuten

Urtero-urtero egutegian urriaren 15a gorriz margotzen dute emakume baserritarrek. Zergatik? Beren Nazioarteko eguna izateaz gain, egun horretan elkarren arteko harreman sarea elikatzen baitute. Bildu eta egungo egoeraren inguruko gogoeta egiteaz gain hausnarketari ere bide ematen diote, etorkizun hobeago bat edukitze aldera.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako emakumeak bildu ziren atzo; baserritarrak, abeltzainak, artisauak eta nekazariak; gazteak zein helduak. Hori bai, emakumeak guztiak. Goizeko 9:00etan bildu ziren Orioko Herri Ikastolako areto nagusian eta eguna elkarrekin igaro zuten, orain arte ukatu zaizkien eskubideen inguruan eztabaidan. Parte hartze handia egon da, azpimarratu du Rochak.

Isilpean eta itzalean egon dira orain arte; landa eremuak dakarren gogortasuna pairatzen dute, baita emakume eta ama izateak dakarrena ere. 24 orduan lanean aritzen dira bizitzako hainbat paper betetzen: baserritarra, enpresaria, ama... Gogorrak dira oso, baina bizi duten egoera ere oso gogorra da. Baldintza hobeagoen bila hainbat proiektu dituzte eskuartean, eta horietako batekin argia ikustea dute helburu.

Argia proiektua, emakumeen berezko dirdira berreskuratzeko

Egiten duten lana errekonozitzea du helburu proiektuak eta beraiek emakume guztien proiektu bezala ikusten dute, guztiek baitute asko emateko landa eremuaren garapenean. Ekarpen guztiak lagungarriak dira aurrera pausoak emateko.

Argia proiektuak bi adar izango ditu: bata emakumeen parte hartzea sustatzen ahaleginduko da, hor jarriko du fokua; bestea, testigantzekin egindako ikus-entzunezkoa izango da. Egiten duten lana irudien bidez erakutsiko dute.

Rocharen ustetan Argia proiektuak atzoko egunez eman zuen bere lehen urratsa. Epe luzerako ekimena izatea espero dugu, hau da, gaurkoa pauso askoren lehena izatea. Proiektuaren inguruko iritzi eta ekarpenak eskertuko dituztela gaineratu du, aurrera begira proiektua aberasteko balioko baitute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide