Gaur EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek eta Tokikom-eko presidente Urko Aristik bi erakundeen arteko hartu emana zertan gauzatuko den zehazteko prozesu bat finkatu dute hasiera batean, pixkanaka-pixkanaka gure komunikabideetan aurki atzemango dena.
Bi aldeek oso balantze positiboa egin dute EiTBrekin lortutako akordioaz. Lehendik ere Euskadi Irratiarekin antzeko ituna sinatua zuten, eta horri esker, besteak beste, astelehenero Mezularia saioaren barruan Tokikom tertulia entzun daiteke. Orain, berriz, EiTB osora zabaltzen da akordioa. Maite Iturberen aburuz, bi aldeei ekarpen aberatsa egingo die hitzarmenak: EiTBk ahots gehiago izango ditu eta, gainera, hurbiltasun hori zabaldu eta sendotu egingo du. Tokikom-ek, halaber, babes eta euskarri izango gaitu, informazioaren alorrean batik bat, gaineratu du.
Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak beti defendatu izan du euskal komunikabideen etxea bi solairukoa dela, non behekoan tokikoak leudeken eta goikoan nazio mailakoak. Urko Aristik aipatu duenez, ezinbestekoa da bi solairuen arteko igogailuak eraikitzea, eta gaur sinatutakoa horietako bat da. Handiek, kasu honetan EiTBk, zail du bazter guztietara iristea, eta horretan tokikook ezinbesteko laguntza eskaini ahal diogu, eta bestetik, txikiok handiaren babesa behar dugu egonkorrago izan nahi badugu.
Akordioan agertzen denez, hasiera batean batzuen eta besteen agendak elkartrukatuko dituzte bi erakundeek, eta aurrerantzean materiala elkarbanatzeko aukeretaz arituko dira.
Azpimarra saioan izango da Karkara
Elkarlan honek dagoeneko eman ditu bere lehen fruituak. Astelehenetik bertatik ETB1eko Azpimarra saioan Tokikom osatzen duten komunikabide desberdinetako kideek hartzen dute parte. Guk aldarrikatzen duguna posible eta egingarri dela erakusten dute halakoek, eta horregatik oso eskertuta gaude Maddalen Iriarterekin, dio Urko Aristik. Gaur sinatutako akordio honen ostean, halako adibide gehiago, gaineratu du.
Karkarak bere lehen saioa urriaren 16an izango du, ostegunean. Arratsaldeko 17:15ean hasiko da saioa eta lehen partean hartuko dute parte tokiko hedabideek. Ondoren, ohiko eztabaida izango da 18:45 bitarte.