Irailaren 19an Gipuzkoako epaileek erabaki bat hartu behar dute: Egunkaria berriz epaitu ala ez. Sorrera 2003ko Madrilgo Exekutiboan eta garapena Madrilgo Auzitegi Nazionalean izan arren, Gipuzkoako epaileei erori zaie altzora auzia. Hangoek hasitakoari hemengoek amaiera eman behar, horra hor paradoxa. Euskal gizartetik urruneko epaileek hasi, Euskal Herriko bertako gizartean txertaturiko epaileek amaiera eman behar.
Ozen esan nahi dugu: ez zen Egunkaria auzirik inoiz izan behar, eta auziak iraun badu ere 2010ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin behin betiko bukatu behar zuen. Jarraitu egin du ordea, eta hemen gaude. Zergatik?
Jatorrizko eragin politikoa ikusten dugu guk. Sineste osoarekin diogu. Eragin politikoa egon zen auziaren sorreran, 2003ko otsailean, antzerako beste hainbat kasutan bezala, eta eragin politikoa dakusagu orain, 2014an fiskalak berriro akusazioari eusten dionean.
Ez zaigu iruditzen Demokraziaren eta Zuzenbidearen ondorioa denik Egunkaria auzia, botere exekutiboaren estrategiaren eragina baizik.
Kaltea jada eginda dago, eta handia gainera. Euskal jendartearen memoria kolektiboan iltzatuta iraungo du Egunkariaren itxiera eta auziak. Kalte pertsonal eta sozial larriak egin dira jada, eta oraindik ez dira amaitu. Auzitegi Nazionalak berak absolbitu egin zituen auzipetuak, eta kalteen aitortza ere egin zuen hein batean. Ordainik ez omen da izango, ordea.
Justizia jada ezinezkotzat ematen dugu, dagoeneko legedi eta agintaritzarekin. Gaitzerdi beraz, injustiziaren sarraskia gelditzea behintzat, aurrera ez joatea, lortuko bagenu.
Nola lortu kalteari bidea moztea? Era bakarra dago: auzia dagoen horretan bertan behera utzita.
Auzipetuek ez dute merezi akusatuen aulkian eseri arazita gehiago zigortzerik, batzuek bigarrenez, ez eta absolbitzeko bada ere. Nahikoa da. Nahikoa pairatu dute. Ez gehiago luzapenik. Ez gehiago noraezik. Epaiketa gehiagorik ez Egunkariari.
Donostian, 2014ko iraila, Egunkariaren alde elkartea
Kontra egiteko bi bide
Egunkariaren aurkako epaiketei kontra egiteko elkarretaratzea egingo dute gaur, irailak 18, 11:30ean, Donostiako epaitegiaren aurrean. Bestalde, Egunkariari atxikimendua emateko gunea jarri dute martxan. Egunkariaren itxiera kasuko auzian epaiketaren aurkako ia 21.000 atxikimendu jaso zituzten, oraingoan 1440 sinadura bildu dituzte. Atxikimendua emateko, hemen.