Tokiko prentsa anitza da oso. Formatu, maiztasun, izaera eta iritzi ezberdinetako komunikabideak daude; baina, halaber, ezaugarri asko ditugu komunean eta horiek gizarteratzeko helburua du Tokikomek. Kanpora begira tokiko aldizkarion talde izaeraren ikurra da Tokikom. Indarrak batuz biderkatzailea izan daiteke tokiko hedabideon eragina eta hori du Tokikomek helburu.
Indarrak batuta eta .eus domeinuaren pean, euskarak eta euskal kulturak Interneteko aterpe teknologikoa propioa izatea eta euskara eta euskal kultura sustatzea da asmoa. Tokikom ere batu da ekimen honetara, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen baitu, mundu mailako aitorpena baitio eta hura sustatzeko bitarteko eraginkor bihurtzen baitu.
Mugaz gaindiko komunitatea
Hiru milioi herritar biltzen dituen eremuan, ia 800.000 hiztun dituen hizkuntza da Euskara. EEKK –Euskara eta euskal kulturaren komunitatea–, ordea, mugaz gaindiko komunitatea da. Guztira lau milioi pertsonak baino gehiagok eta ia 200 Euskal-Etxek osatzen dute EEKKren diaspora.
Testuinguru horretan, euskararen Interneteko izanari, egungo existentziari, izena jartzea da .eus domeinuaren helburua. Eta xede horrekin bat egiten du Tokikomek eta beste 91 erakundek. 92en artean dira: 9 enpresa pribatu, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta kulturgintzaren esparruko 46 erakunde.